Esku batean pinturaontzia eraman lezake eta, bestean, txispoia. Noizbehinka gelditu egingo litzateke eta, itsumandoka, airea margotzen has liteke. Inork ikusi ez izanak ez du esan nahi egin ezin lezakeenik, ez eta, areago, oraintxe bertan, egiten ari ez denik ere.
Halaber, ondoko hau esan lezake -sarritan bakarrik hitz egingo bailuke, edo hala irudi bailezake «zenbatzen hasiz gero, denboraren (alegia, egun bakoitzaren denboraren) zati handi bat ia inorekin hitz egin gabe pasatzen dugu, edota, egitekotan, bakarrizketa eran egiten dugu».
Haren olerkiak sentimenduen pastiche bat lirateke: larritasunik sakonena eta bizipozik handiena nahasian oratuta -eta horrek zinez frogatuko lituzke pinturaontziari buruzko gure hipotesia eta haren edukiaren konposizioa-. Guztiak ere «isolamendua zulatzeko eta isiltasun lotsagabe horien atzean dagoena egozteko premia larria» bidezkotuko lituzketen hitzak.
Egunen batean, aitortzera irits lekiguke -aurretik, baina, erraz lortu ezin den adiskidetasun sendoko harreman bat sortu behar izango genuke- ezen, beldur datekeela pinturaontzian ez ote dagoen «kaka-pilo bat», haren hitzak zehatz-mehatz erabilita. Eta beste egun bat pasatuko balitz eta bera dela susmatzera iritsiko bagina -egia esan, egoera kontuan hartuta, nekez gertatuko litzatekeen gauza da hori-, marmarrean entzun ahal izango genuke: «ahots bat jaurtitzen duen bakarrizketa bat, zeina beste bakarrizketa bat baita; eta horrela muturreraino, etengabe, etsipeneraino, heriotzaraino».
Idatzi beharko liratekeen poema guztiak proiektu baten parte izango lirateke, zeina ez baitaki iritsiko ote litzatekeen erdiestera -esan nahi baita, pinturaontzia sarritan hustera. Hilda ez egoteko beste modu bat.